Skip to main content

Ongi etorri gure blogera!

Espazio honetan, gure lan arloei buruzko eta beste hainbat gaien inguruko artikuluak arkituko dituzu. 

ASTE ETA ERDI INSTAGRAM GABE

Sare soaizlek gugan duten eraginaren inguruan asko hausnartzen degu kontsultan, eta honako hau, bezero batek eginiko hausnarketa duzue.

Aste eta erdi daramat Instagram gabe. Eta zergatik ez? nik hor egon nahi dut. Nik? nor da ni? Zein naiz ni? Gizartean bat gehiago izateko edo; zerbaiten parte sentitzeko, eraikitako maskararen bitartez harremantzen den hori. Hori naiz ni. Sare sozialen baitan sortutako komunitatearen partaide izateko grina, oso zilegi da. Biziraupenerako dugun berezko joeraren ondorioa besterik ez da; izan ere, badirudi gaur egun harreman-sozialak mantentzeko “ezinbesteko” eremu bilakatu dela sarea.

tumblr p9mjoe8YZP1wszo89o1 1280

Kontua da, bizitzak bapatean zaplasteko batez erakusten dizula zu ez zarela egunero jazten duzun maskara hori. Eta hasieran, putada bat da. Eroso zeundela uste duzu, ezagunak zenituen dinamika eta eremuetan igerian. Baina ia ito zara.

Maskararen kontzientzia hartzean hasten da jolasa, norberaren esku baitago erabakitzea: sastrakaz gainezka dagoen bide berria hartu edo, orain arteko bide ezagunetara mugatu. Zaila egiten zaigu ikustea; sasiz gainezka badago ere, bidea hor dagoela. Norbere barruak badaki zein den bidea; baina ozen esan ezean, heldutasunerako pausorik eman gabe jarrai dezakegunaren fantasian galtzen gara. Peter pan bagina bezala.

Eta ezin baditut bide berriaren arantza, adar eta sasi zaharrak kendu? ezin badut bidea topatu?..., eta topatzen badut? harri potolo bat botako genuke guztiok gainetik. Nolabaiteko askatasun eta independentziarekin bat egingo genuke: sare-sozialetara lotzen gaituzten kateak apurtuko lirateke. A ze atsedena… imaginatzen horren beharrik ez izatea? barruak ez eskatzea unero sarera konektatuta egotea? telefonoa egun osoan eskuan izateko beharrik ez sentitzea? zerbait iritsi zaizun kontsultatzeko beharrik gabe?

0a0c98af 1fee 4e50 929c fa1ad565bfb3 16 9 discover aspect ratio default 1226322

Itxi begiak behar duzun denboran, eta imaginatu galdera horietan mahaigaineratzen diren sentsazioak zuregan dituzula. Sentitu zure barruan askatasun hori. Benetako da, zuregan dago.

Aste eta erdi instagram gabe egotea gutxi bada ere, izugarria da ikustea martxa automatikoa sartuta pasatzen direla egunak. Bata bestearen atzetik. Pentsatzen dugu gure egunerokotasuneko ekintzak, kontzientziaz, guk hautatzen ditugula; baina ez da horrela. Zoritxarrez, denboraren eta emaitzen ekonomian oinarritutako gizartean, denok itsu-itsuan gidatzen gaituen indar batek mugitzen gaitu noraezean: gizartean ezarritako estandarren arabera onartua izatearen beharrak. Nekeza da, oso nekeza. Asteburuan deskantsatu dugulakoan, astelehena arrastaka hasi eta ez gara gai honen zergaitia identifikatzeko. Zer da benetan deskantsatzea?

Aste eta erdi honetan konturatu naiz nire eskuen, eta, horrenbestez, garunaren mugimendu automatikoaz: telefonoa desblokeatu, lehen planoan whatsappik ez dudala ikusi eta pantaila eskuinera bi aldiz pasa ondoren instagram aplikazioa falta dela ikustean (hirugarren pantaila-planoan gordetzen nuen aplikazioa, teorian, gutxiago erabiltzeko). Hirugarren pantaila-plano horretan, Renfe-ko aplikazioa bakarrik ikustean ohartzen nintzen mugimendu guzti hori atomatizatuta dudala. Kontzientziarik gabe, whatsappak asetu ez duen atentzio egarria lasaitzeko iturri berri baten bila. Gogorrena da, nolabaiteko behar zoro hori asetzeko, modu automatikoan hau ere, argazki-galerian sartzen nintzela; nire burua ikusteko.

f.elconfidencial.com original f75 b0f 501 f75b0f50166b225c8e010504eb5f2108

Besteen begiraden bitartez bizitzea. Hori da instagrama: gure buruaren irudia besteengan dugun eraginaren arabera eraikitzea. Noiz irekiko ditugu gure begiak? pantailan galtzen zaigu begirada: ez gara gure burua ikusteko gai, eta are gutxiago besteak. Baietz pentsatzen badugu ere; eta autoestima ona izatearen inguruko edo elkar zaintzan oinarritutako argitalpenak elkarbanatzen baditugu ere, sarean galtzen diren atentzio gabeko intentzioz betetzen da baita instagrama ere.

Alabaina, ausarta izan behar da, horri uko egiteko: estimulu eta onarpen horiek behar ez izaten saiatzeko. Hor ez banago, existituko al naiz? Ez nau inork ikusiko… Erantzuna bagibistakoa bada ere, badirudi existituko ez garenaren ustea ondo errotuta dugula gure barnean. Modu inkontziente edo kontzientean.

Ziurrenik, ordea, sare-sozialetatik askatutako existentzia inoiz baino biziagoa izango da, errotuagoa, kontzienteagoa. Inoiz baino leialagoa. Inoiz baino errealagoa. Nire zati bati gustatuko litzaioke instagramera itzultzea: nire eraikitako fantasiazko maskarak orain arte ezagutzen duen toki berean egon nahi duelako edo, hor bakarrik egoten dakielako. Kanpoko norbaitek ni erreskatatu zain. Baina hori ez da pasako. Jadanik maskarak ez dit balio. Zerbait aldatu da nire barruan. Orain arteko bideak zaharkituta gelditu dira, eta berriro horietatik pasa beharko banaiz ere, ez dut uste lehen ematen zidaten asebetetze berdina emango didatenik. Zerbait mugitu da. Ziurrenik zeuk ere badakizu, kanpoan bilatzen duzun onarpena, zintzotasuna, leialtasuna, askatasuna eta lasaitasuna; ez direla betirako zurekin geldituko, zeuk zeure buruari guzti hori eskaini ezean. Beste inork ez du egingo zuregatik. Peter pan izateari uzteko unea iristen da bilatu gabe. Teorian guztiok dakiguna, baina praktikan ez horrenbestek. Eta ze polita nik neure burua izatea, biok egotea. A ze suertea norberarena.

Merezi dut askatasuna, merezi dut lasaitasuna, merezi dut osotasuna, merezi dut onarpena. Agian, sastrakek estaltzen dituzte sentsazio, emozio edo sentimendu horiek; baina hor daude. Instagramak eta, oro har, sare sozialek bide berriak irekitzeko berezko indarra xurgatzen didate, itzaldu egiten naute. Merezi dut ausarta izatea, indarra sentitzea, boteretik bizitzea: ni neu, nere hezur eta azalean. Poliki-poliki hasi naiz baina, belar-txar batzuk kentzen. Bada bidea oraindik, bide gurutzeak eta bide zaharrak ere agertuko dira bakarrik. Ez du axola ordea, bide honen helmuga argia baita: norbere argia norbere begietatik. Eta gerturatzen ari naiz. Eta zu ere bai.

Maria Zunzunegi
Gabinete Psikologikoa

Kokapena

Damaso Azkue 4, behea
20730 AZPEITIA
Gipuzkoa

Kontaktua

Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.
Maria - 688 677 358
Amets - 602 497 927


Lege Informazioa | Sitemapa | © 2017 Maria Zunzunegi | Gabinete psikologikoa