BARNETIK KANPORA
Maiz barnean dugun sentimendu korapiloaz ohartzea kosta egiten zaigu, eta ondorioz berau askatzea ezinezkoa. Gaurkoan, bezero batek egindako gogoeta dakarkizuet, beharbada norbait identifikatua senti daitekeelako, eta bere korapiloaz ohartzen lagun diezaiokelako....
"Neure esperientziagatik dakit zein erraza den behar duzula uste duzun eta betitik nahi izan duzun horrekin itsutzea. Beretzat begi onak soilik izatea. Dena emateko prest egotea. Dena ematea. Bere “alde txarrenari” ere ilusioz begiratzea, hain “txarra” ez dela sinestu nahian. Gaizki egindakoa ere ondo ikustea. Zeure burua, neurri batean, albora utziz beregan zentratzea, ahaztuta zeure buruarekin oroitzea dela dena ondo joateko giltza nagusia.
Eta zein zaila, berriz, begiak irekitzea, agian ez dela zurekin bat datorrena ohartzea. Urte luzez beregana ohitu ondoren, berriari beldurra kendu eta begiak irekitzea. Edo begiak irekita izan arren, aurrean dagoena ikusteko gai izatea. Ikusi nahi izatea. Ikustera ausartzea. Eta ausartuta ere, ikusitakoa onartzea. Onartu eta erabaki bat hartzea. 4 urtean burutik pasa ez zaizun erabaki hori hartzea. Eta behin hartutakoan ere, hartu duzuna onartu eta aurrera egitea. Nahiz eta, agian, erabakia hartuta hobeto sentitu, behar zenuena egin duzula jakin.
Zein zaila errutina horri amaiera ematea. Zein zaila beste inor aurkituko ez duzunaren beldur hori gainditzea. Eta zein zaila, aldi berean, errutina hori amaitzeko beldurragatik pertsona batekin egotea. Zein zaila horrelako haustura gehiago izango direla onartzea. Eta are zailagoa haustura bakoitzaren bizipena. Zein zaila dependentzia hori ekiditea.
Diotenaren arabera, norbera nor den jakitea garrantzitsua omen. Baina zein zaila nor zaren jakitea. Zein inkontzientea jakin nahi horretan itsutu eta benetan zarenaz ahaztea. Zein zaila zeure burua definitzea. Eta definituta ere, zu HORI zarela ohartzea. Ohartzea eta onartzea. Onean eta txarrean. ZU zarela. Izan ere, noiz dakigu geure burua ezagutzen dugula eta ez dela erakutsi nahi duguna? Eta... erakutsi nahi dugun hori ere garenaren parte ote?
Zein nahasgarria ispiluaren aurrean jarri eta ez ikustea inor. Gorputz bat besterik. Bata jantzi, bestea jantzi eta ez aurkitzea zeure burua. Barrura begiratu eta galduta, nahastuta, norabide gabe sentitzea. Ispiluaren aurrean pasatako denbora guztiaren ondoren, galduta sentitzen jarraitzea.
Zein zaila zeure burua une batez edo zerbaitetan aurkituta ere, hori onartzea. Zein zaila zaren horrekin ondo sentitzea. Zein zaila ondo sentitzen ez zaren horietan kalera irtetea. Eta zein zaila ondo zaudela azaleratzea. Zein zaila, onartu eta ondo sentitu nahi arren, pausua nola eman jakitea. Zein nahasgarria zeure buruarekin nola ondo sentitu ez jakitea.
Zein erraza denok perfektuak garen ideaia izatea, nahiz eta bakoitza bere “akatsekin”. Zein erraza zeure buruarekin ondo egotea garrantzitsua dela jakitea. Zein erraza teoria. Zein zaila praktika. Zaila zaren horretan, agian aldaketa batzuk tarteko, aldatzea beharrezkoa izanik, perfektua zarela onartzea. Zein zaila zeuretzat izan behar duzula eta ez besterentzat ohartzea. Eta hori horrela izan dadin saiatzea. Saiatzea eta lortzea.
Eta aurrera jarraitzeko zein garrantzitsua pasatakoari berriz begiratzea. Baina zein zaila pasa dela onartzea. Joan dela, izan dela, jada ez dela, edo orain badela onartzea. Gauzak aldatu egiten direla onartzea. Zein beharrezkoa pasatako horri pare bat buelta ematea gertatutakoa beste modu batean ikusteko. Gertatutakoa ulertzeko, edo agian, ezin dela ulertu ulertzeko. Zerbaitengatik pasa dela onartzeko. Eta horren ondoren etorri dena, zerbaitengatik izan dela horrela ulertzeko. Garrantzitsua baitzaigu gertaera oro arrazoitzea.
Zein zaila zoriontasuna zeure buruarengan aurkitzea.
Zein baliagarria. Zein baliagarria liburu hau gertakizunak beste ikuspuntu batetik begiratu behar direla ohartzeko. Zein baliagarria garen hori onartzea eta indartzea dela garrantzitsuena ohartzeko."