HOSTOAK DANTZAN
Udazkenak badu zerbait gure barrena astintzen duena, zuhaitzetako hostoak haizeak astintzen dituen bezala. Udazkena malenkoniarekin erlazionatzen dugu, psikologikoki eta fisikoki kanpo mundutik aldendu eta barnerantz begira jarri ohi gara.
Nahiz eta egungo gizartea ordulariari begira bizi inguruari begiratu beharrean, gure gorputza eta buruak igartzen du noiz iritsi den urteko sasoi hau. Naturan urtaro bakoitzak bere zentzua da, eta gu naturako zati garen aldetik, baita ere, nahiz eta guk pentsatu naturarekiko gelditzen zaigun erlazio bakarra aisialdikoa dela.
Udazkenean, naturak behar ez duen hori askatzen du, indarberritzeko eta aurrerago berriz ere loratzeko, zuhaitzen kasuan, beraien izerdia (savia) hosto eta adarretatik aldendu eta sustraietara bueltatzen da. Guretzat ere trantsizio unea izan ohi da udazkena, izan ere naturan gertatzen diren aldaketek, argi-ilun erritmo berriek, tenperatura hotzagoek, hezetasun handiagoak eta haize hotzagoek haizeberritzea dakar. Aldaketa guzti hauen ondorioz, kanpoan denbora gutxiago igarotzen dugu, jarduera lasaiagoak hautatzen ditugu, eta hausnartze prozesuetan barneratzeko joera izaten dugu.
Burutu izan diren zenbait ikerketek, naturari uste duguna baino lotuago gaudela erakusten digute. 90eko hamarkadan, Southamponeko unibertsitateko ikerketa batzuen ondorioen arabera, helduen %90ek, loan, aldartean eta sentitutako indarrean aldaketak nabari ohi dituzte udazkenean. Antoni Bulbena adituaren ustez, aldaketa atmosferikoek, aldarte zein fisikoki aldaketak eragiten dizkigute izaki ekologikoak garen aldetik. Aldaketa batzuek argiari loturik daude, berau gure organismoaren erreguladore garrantzitsua izanik. Aldaketa metereologikoek, euriaren presentzia nabarmenagoa eta haize hotzagoen presentzia bezelakoek edo kutsadurak ere eragina dute.
Urtaro honek aurkezten digun marko berri hau, perfektua dugu gure energia eta arreta garrantzitsuenera zuzentzeko. Beharrezkoa ez dugun hori askatzeko, min edo kalte egiten diguten egoera edo pertsonengatik aldentzeko, gure izaeraren alderdi ez funtzionalak aldatzeko, eta barne oreka bat aurkitzeko, bakea sentitzeko.
Hartu dezagun udazkena beso zabalik eta gogoz, aprobetxa dezagun ematen digun aukera, eta indarberritu gaitezen datozen udaberrian loratzeko. Gogoeta egin dezagun gure egunerokotasunari buruz, denboraren erabilerari buruz, inguratzen gaituenari buruz eta gure buruari buruz. Utzi diezaiogun erloju, telebista, mugikor eta abarri arreta jartzeari, eta begirada bat bota diezaiogun inguruari, ohartu gaitezen gure errealiteaz eta egin diezaiogun kasu naturari bere erakusbidea jarraituz.