BARNEKO KORAPILOTIK IHES (TESTIGANTZA)

Gure bizitzetan zehar hainbat aldaketa egoten dira, aurre egin beharreko arazoak agertzen zaizkigu… Bakoitzak ikusten du nola erantzun aldaketa horiei. Zenbaitek oso ondo kudeatu ditzakete, baina beste batzuoi gehiago kostatzen zaigu.

Nire bizian pixkanaka zenbait aldaketa gertatzen joan ziren, eta haiekiko nire erantzuna sentitzen nuena niretzat gordetzea izan zen, ez nuen inorekin partekatzen nola negoen, edo zerbaiti buruzko nire iritzia. Zerbait ez zitzaidala gustatzen? Isildu egiten nintzen. Norbaitek min egiten zidala? Hori ere niretzat gordetzen nuen. Ez nintzela oso ondo sentitzen? Aguantatu egiten nintzen.

Baina noski, sentimenduak gorde eta gorde hari nintzen hartan, azkenean, tope batera iritsi nintzen. Nik, ordea, ez nuen gaizki egon nahi, eta ez nuen nahi besteak nigatik kezkatzerik ere. Beraz, nire arazoengandik irtenbide bat bilatu beharra nuen, zerbait haientan ez pentsatzen “lagunduko” zidana. Eta gauza hori, janaria izan zen. Asko hasi nintzen zaintzen zer jaten nuen eta zenbat. Ordura arte gustoko nituen hainbat gauza jateari utzi nion. Eta geroz eta gutxiago jaten nahiko denbora pasa nuen. Egunaren zati handi bat zer jango nuen eta zer ez pentsatzen pasatzen nuen. Eta noski, nire buruaren %95a janariak hartzen zuelarik, nik ez nuen denborarik ez nire arazoetan pentsatzeko, baina ezta ere nire inguruan gertatzen zenaz konturatzeko, ezta biziaz disfrutatzeko ere.

Ez nintzen benetan konturatzen zenbaterainoko kaltea ari nintzaion egiten nire buruari, ni, nire ustez, ondo bainengoen, eta egiten nuena kontrolpean nuen.

Horren itsu nengoen, non ama izan behar baitzen medikuarengana bidali ninduena, egoera iada dexente txartu zenean. Nik ez nuen guztiz ulertzen zergatik nahi zuen ni medikuarengana eramatea, “egoera kontrolpean bainuen”. Baina nire buruaren beste %5ak bazekien azken finean zertara nindoan, eta beldur nintzen. Banekien medikuak zer esango zidan. Banekien momentu horretatik aurrera begiak ireki beharra izango nuela, baina ez nuen nahi. Beldurra ematen zidan berriro ere nire inguruari arreta jartzea, ez bainekien zerrekin topatuko nintzen, urte bat edo pasa bainuen itsu-itsu, janarian pentsatzen. Eta nire beldurra egia bilakatu zen, anorexia diagnostikatu zidaten.

Tratamenduan hasi nintzen.Aitziber Bereziartua, Eliku zentroko nutrizionistarekin harremanetan jarri ginen segituan, Mariaren Zunzunegiren Gabinetera ere etorri ginen, eta anbulatorioko psikiatrarekin ere egon nintzen.

Ez dut ukatuko, hiru horiekin lan egiteak beldurra ematen zidan. Alde batetik, AItziber zegoen, zeinak nire otorduak planifikatu zituen, eta ordura arte jaten nuenarekin alderatuta, nire listatik kenduak nituen janari asko agertu ziren eta kantitatea, nik nahiko nukeena baino gehiago zen.

Mariaren aldetik, hasiera batean ez nekien nola lagundu ahalko zidan, nik nire arazoak horren barnean nituenez, ez nuelako pentsatzen ateratzerik izango nuenik. Ama eta ni lehen aldiz Mariarengana joan ginenean, hark segituan hartu gintuen, goxo-goxo, eta segituan konturatu zen zein zen arazoa. Lehenengo saioa pixkat elkar ezagutzeko izan zen, eta hortik aurrera astean behin joaten hasi nintzen. Hasieran bai, gogorra zen. Nire ahotik ez zen hitzik irteten. Oraindik ez negoen prest begiak irekitzeko. Baina hainbat saioren ondoren, azkenean Mariak lortu zuen ni hitz egiten hastea. Eta orduan izan zen, barrukoa soltatzean ni ere deskargatuago sentitzen nintzela konturatu nintzen unea. Bai, gogorra izan zen, eta negar asko egin nuen, baina merezi izan zuen. Pixkanaka-pixkanaka, nire barruan nuen korapilo hori askatzen joan nintzen. Asko zen barruan pilatuta nuena. Baina askatu ahala, ni ere liberatuago nengoen. Poliki-poliki nire buruan janaria baino gauza gehiago hasi ziren agertzen. Nire inguruko gauzetan gehiago fijatzen hasteko gai izan nintzen, nire burua hobeto ezagutzen, nire sentimenduak identifikatzen, konfiantza gehiago hartzen, jendearekin harreman estuagoa izaten, gustoko ditudan gauzei denbora gehiago eskaintzen… Janariarekiko nire harremana ere joan da hobetzen, eta jada ez diet hainbesteko beldurra otorduei, eta gustoko janariekin berriro disfrutatzen ari naiz.

Ez dut gezurrik esango, oraindik ere baditut egun txarrak, eta egun horietan konturatzen naiz janarian gehiago pentsatzen dudala, edo otorduak gehiago kostatzen zaizkidala eta astunak egiten zaizkidala. Baina honetaz konturatzea ere ondo dago.

Errekuperazio prozesu honetan asko lagundu didan beste zerbait, idazketa terapeutikoa  izan da (Mariarekin kontsultan landua), azken finean, sentimenduak kanporatzeko beste modu bat baita, eta hasiera batean zerbait ez bazara ausartzen norbaiti kontatzen, idazten baduzu, behintzat guztia ez da zure barnean geratzen.

Orain arte egin dudan bidea luzea eta gogorra izan da, eta oraindik asko dago egiteko, baina ez naiz damutzen tratamenduarekin hasi izanaz. Piloa dut eskertzeko lagundu didaten guztiei, bai ingurukoei, Aitziberri eta Mariari. Beraien laguntza gabe ezin izango nuen berriro biziaz disfrutatzen hasi. Eta badakit ez dela oso erraza izan niri laguntzea, baina beraiek inoiz ez dute amore eman, eta nik ere ez.

Sekulako aldea nabaritzen da duela urtebete egiten nuenaren artean, existitzea soilik zela, (hemendik hara joan, gero hau jan eta gero ohera sartu eta hurrengo egunean berriro berdina), edo orain egiten dudana, bizitzea dela, gauzetan gehiago fijatzea, gehiago disfrutatzea eta garrantzitsuena, ilusioa berreskuratu dudala.

Maria Zunzunegi
Gabinete Psikologikoa

Kokapena

Damaso Azkue 4, behea
20730 AZPEITIA
Gipuzkoa

Kontaktua

Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.
T. 943142375

Maria - 688 677 358
Amets - 602 497 927


Lege Informazioa | Sitemapa | © 2017 Maria Zunzunegi | Gabinete psikologikoa