JOLAS-TERAPIA
Jolas-terapia autore askoren ekarpenetatik eta praktikatik garatu den diziplina terapeutiko bat da.
Lehenak Anna Freud (1928), Margaret Lowenfeld (1935), Melanie Klein (1961) eta Donald Woods Winnicott (1896-1971) izan ziren. Haurren terapeuta psikoanalitikoak ziren, eta jolasaren balio terapeutikoaz ohartu ziren beren jardunean. Haurren psikoterapian erabili zuten jolasa, eta haurraren berezko jolasari helduen psikoanalisian ikusten diren asoziazio librearen elementu berak egotzi zizkioten.
Bestalde Carl Jung-ek (1875-1961) eta Frances Wickes-ek (1963-1977) ere ekarpen garrantzitsuak egin zituzten, haurraren jolasaren eduki sinbolikoaren inguruan. Aldaketarik handiena eta Jolas-terapiaren izendatze eta zedarritzea Virginia Axline-ren (1969) eskutik etorri zen, Carl Rogers-en Bezeroarengan Zentratutako Psikoterapiara egokitu baitzuen korronte psikoanalitikoa; hark sortu zuen jolas-terapia ez-direktiboa deritzona ere. Axlineren bideari jarraitu dion eta arlo hori zabaltzen jardun duen haurren terapeuta azpimarragarriena Violet Oacklander (1988) dugu.
Jolas-terapia, jolasa laguntza terapeutikorako erabiltzea da, alderdi fisiko, espiritual, emozional, afektibo eta kognitiboetan era kontzientean nahiz inkontzientean sakonduz, eta modu ez-oldarkor eta ez-intrusibo batean eginez aurrera.
Jolas-terapiak haurrari bere Nia onartzera lagunduko dio, inolako ebaluaziorik eta presiorik gabe. Haurrak, jolasaren bidez, bere barne-mundua kanporatu ahal izango du eta aldi berean, aukera emango dio bere buruari aurre egitea onartzeko, ikasteko eta kontrolatzeko. Heldu aditu objetibo baten begiradapean arituko da jolasean haurra. Den bezela onartuko du helduak eta aintzat hartuko ditu jolasaren ezaugarriak eta horren irakurketa egingo du.
Jolas-terapiaren eredu barruan teknika zehatz batzuk erabiltzen dira: gorputz adierazpena, pintura, musika, ipuin terapeutikoak, erlaxazio eta irudikatze teknikak, hondar kutxa, buztina, mahai jokuak, txontxongiloak eta errol jolasak.
Eta, Jolas-terapia, oro har, sufritzen ari diren haur guztiei zuzentzen zaie, eta esku-hartze terapeutikoari dagokionez, kasu hauek hartzen ditu bere gain: autoestima baxua, ziurtasun arazoak, beldurrak, jaiotzeko uneko edo jaio ondoko trauma, tratu txarrak, sexu-jazarpena, dolua, gurasoen banaketa edo dibortzioa, ospitaleratutako haurrak, arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua, portaeraren nahasmendua, garapenaren nahasmendua, depresioa, eskolako zailtasunak, bullying, antsietatea, inpultsibotasuna, oldarkotasuna, elikatze zailtasunak (bulimia, anorexia e.a.), estresa, alkohola eta beste substantzien kontsumoa e.a.
Jolas-terapiaren inguruan gehiago jakin nahi baduzu https://jolasterapia.eus/ orrialdean sartu zaitezke.