Skip to main content

Ongi etorri gure blogera!

Espazio honetan, gure lan arloei buruzko eta beste hainbat gaien inguruko artikuluak arkituko dituzu. 

ONDOAN DAUDENAK

Elikaduren nahasteetan badira ahaztuak direnak ere, terapiako eta tratamenduko indarretik at gelditzen direnak, guraso, bikotekide, lagun eta zaintzaileak. Ondoan daudenak.

Gaixotasuna jasaten duenantzako oso gogorra da, bai gaixotasuna bera, baita terapia prozesua ere. Milaka liburu, artikulu eta protokolo daude horien hobekuntzaren eta ulermenaren inguruan idatziak. Baina nork jartzen die arreta aldamenekoei? Gaixoaz haratago, bere aldamenekoarentzat ere oso gogorra da prozesua, milaka galdera, ehundaka beldur, denak isilean gordeak.

Behar beharrezkoa da ondoan dagoenari ere arreta eskaintzea, bere beldurrei argia ematen laguntzea, negarrak xamurtzea eta indarra ematea. Oso bakartia da elikadura nahasteetan aldameneakoaren bidea, beste hainbat gaixotasunetan bezela, tratamenduaren parte aktibo bihurtzen direlako lehen momentutik. Otorduak prestatzerakoan, mugak ezartzerakoan, arauak errespetatu daitezen zelatan egotean. Frustrazioa, kezkak, beldurrak, tristura, nekea, denak agertu oi dira ondoan dauden horiengan. Maite duzun hori sufritzen ikusteaz gain, etsai eta arrotz ikuste zaituela sentitzen dezunean. Zaila da laguntzea nahi, eta gaixoak min egiten diozula ohikutzen dizunean, ezin diozula ulertu esaten dizunean. Laguntza profesionalik gabe zaila da guzti hau ondo gestionatzea, zeu ere zeure zulo beltzean ez erortzea.

Modu ezberdinak daude laguntzeko, eta terapian maiz hitz egiten degu aldameneko horien laguntzeko moduen baliokideak liratekeen animaliez.

  • Kanguroak: aldameneko hauek, gehiegizko babesa eskaintzen dute, guztiagan kontrola dute eta une oro gaixoa ondo sentitzea nahi dute. Ez dute gaixoa deseroso sentitzerik, beraz eskatzen duten oro ematen diote, ezin dute sufritzen ikusi. Modu horretan gaixoak ezin du ikasi egoera ezberdinak gestionatzen eta haurraren paperean kateaturik gelditzen da. Maiz hobekuntza ematen denean eta aldamenekoak gehiegizko babes hori gutxitzen dutenean, gaixoa oso babesgabe sentitu eta kontzientziarik gabeko gaixotasuneranzko bidea hartzen dute.
  • Errinozeronteak: kasu honetan, agresiboak, intimidatzaileak eta diktatzaileak dira aldameneko hauek. Beren logikaren araberako irtenbideak ezartzen dituzte, gaixoaren sentimenduak alde batetara utziaz. Beldurretik erreakzionatzen dute, ez dira gai entzuteko. Kasu hauetan gaixoa gutsietsita sentitu ohi da, bere buruaganako konfiantzarik ez da lantzen eta gaitasun asko garatu gabe gelditzen dira.
  • Delfinak: kasu honetan gaixoaren ondoan egiten dute igeri aldameneko hauek, animoak ematen, entzuten, batzuetan aurretik bidea erakusten, bestetan atzetik isilik behar badituzte lasai itxoiten. beharrezko mugak ezartzen dituzte lasaitasunetik. Delfinak oreka eskaintzen du errekuperazio prozesuan. Entzute aktiboa, emozioen izendatzea eta bere jarrera fisiko zein hizketazkoaren zainketa handia agertzen du.

Aurkeztu dizkizueten hiru animaliak, beren borondate onenarekin aritzen dira, beraien bizipen eta sentimenduetatik abiatuta. Baina oroitu gaitezen gure minetik edo beldurretik haratago, bestearen azalean jarri behar garela bide honetan laguntzeko. Honekin lotuta beste hiru animalia aurkeztu nahi dizkizuet.

  • Medusak: Aldameneko hauek oso sentikorrak dira, gehiegi. Ez dira gai beraien sentimenduak bigarren plano batean uzteko eta beraien min, beldur eta kezka dana azaleratzen dute gaixoaren aurrean. Kasu hauetan ohikoena gaixoarengan, kulpa, beldur eta intseguritatea sortzea dira. Egoera hau perfektua izan ohi da gaixoak elikadura nahastearen mekanismoei eusteko, emozionalki erregulatzeko ezagutzen duen bidea bakarra baita.
  • Abestruzak: burua lurpean sartuko balute bezala, aldameneko hauek arazoari garrantzia kentzen diote, eta honen inguruan pentsatzea edo hitz egitea ekiditen dute. Jarrera hotza eta urrunekoa izan ohi dute, izan ere ez dakite nola jokatu eta errudun sentitzearen beldur dira. Gaixoa halakoetan bakarrik sentitu ohi da.
  • San bernardoa: Delfinarekin gertatzen zen bezalaxe, San Bernardoak oreka eskaintzen dio gaixoari. San Bernardoaren lasaitasuna eta delfinaren errukia eskaintzen dizkio.

Aldamenekoaren laguntza EZINBESTEKOA DA errekuperazio prozesuan, eta lan BORTITZA izaten da. Errekonozitua izan behar du bere lanak, baita bere sentimenduak ere. Modu egokian bideratuta, etxekoen laguntza hau, errekuperazio prozesuak goxoago eta errazago izatea lortu dezakegu. Bidea beti malkartsua izan arren, egin dezagun bidea elkarrekin, zaindu gaitezen elkar, bakarka infernu bilakatzen baita.