SELEKTIBITATEAK ESTUTUTA
Gaurkoan, ikasle baten testigantzakin natorkizue, selektibitate eta noten inguruan hausnarketa ederra egin baitu kurtsoa amaitu berritan
Urte osoko lana gutxi izan balitz, ekaina iristean azken esfortzua egin behar izaten da bigarren batxilergoa amaitu ostean: berrizendatua izan den UsAP-a. Horixe da unibertsitatera joatea nahi dugun gazteoi eskatzen digutena, eta aurten gainera, egindako aldaketa berriak ere oztopo bihurtu zaizkigu.
Presioa gidari bihurtzen da ikasturtean honetan zehar; irakasleak ikasleak baino urduriago azaltzen dira askotan, euren programazioa zuzen betetzea lortuko ote duten beldur. Presaka aritzen dira eta horrek zaildu egiten du klaseak jarraitzea. Ondorioz, ohikoa da frustrazioa, estutasuna edota urduritasuna nagusitzea ikaskideon artean. Batzuk, badakite egoera horri aurre egiten eta beren burua kontrolatzeko gai dira egonezin horien aurrean; badira, ordea, eurek ikasi nahi duten graduan sartzeko nota behar dutenak, akats txikienak ere kezkatzen dituztenak. Izan ere, egun, zenbaki batek gure bizitzetan duen inpaktua izugarria da. Beraz, hamaika dira bigarren batxilergoan babes psikologikoa behar izaten duten gazteak.
Terapian, zenbait gauzen artean, kontrolaren eta perfekzioaren gaiak hizpide izan ditut nik. Egoera oro kontrolpean izatea eta bizitzako alor guztietan gure %100a ematea ezinezkoa direla ikasi dut bide horretan, eta baita egunean egunekoa bizitzen saiatzen ere; izan ere, nork daki biharra nolakoa izango den?
Honenbestez, neure buruan konfiantza irabazi dut eta irailetik izugarri aldatu da notekiko nuen ikuspuntua. Lasaiago hartu ditut azterketak, ikas orduetan nazkatu aurretik paseo bat emateari, lagunekin egoteari edota beste zerbaitetan distraitzeari lehentasuna emanez.
Egia da ingurukoek etengabe galdetu ohi digutela ea erabaki dugun zer ikasi nahi dugun edota azterketak ongi atera al zaizkigun. Galdera horiek entzuteaz nazkatu arren, ulergarria da euren posizioa ere. Baina, onartu beharrean nago, niretzat oztopo bihurtu direla larrituago egon naizen egunetan. Ez da erraza hemezortzi urterekin geure bizitzan zer nahi dugun argi izatea eta gutxik izaten dute argi zein gradutan izen emango duten.
Beraz, hainbat zalantzak lausotzen du gure burua. Halere, selektibitatea iritsi arte, kezka horiek albo batera uzten saiatu eta ikasten zentratu behar dugula gogorarazten digute. Eta horrelaxe iritsi gara geu ere, konturatu baino lehen, ekainera eta unibertsitatean izen ematera; selektibitatea gaindituta, noski.
Hitz bitan, ikasturte garratza izan daitekeen arren, gehiago zentratu behar dugu, bai ikasleok eta baita bidelagun ditugunek ere, geure ongizatean. Soilik horrela lortuko baitugu azken urte txukuna egin eta unibertsitatera indarrez iristea; eta ezezkoan, bizitzak beste hainbat aukera emango dizkigu.