HITZEZ MIN
Aurreko astean elikadura nahastea pairatzen duen pertsona batekin bizitakoak, hausnartzera eraman nau...
Elikadura nahasteak , patologia benetan konplexuak dira eta pairatzen dutenekin lan egiteak detaile txikienei ere arreta jartzea eskatzen du. Beti esan ohi dugu gaixotasun hauen jatorria multifaktoriala dela, hau da ez dagoela errotiko arazo bakarra, baizik eta arrazoi askoren ondorio dela. Puntu honetan argitzekoa dela deritzot, jatorrizko aurrekari eta detonantearen ezberdintasuna. Aurrekari asko egon litezke pertsonarengan, baina egoera bakar batek elikadura nahastea lehertzea ekar lezake.
Egoera bera lantzea beharrezkoa dela deritzot, baina hare eta garrantzitsuagoa da niretzat atzean gorderik egon ohi diren arloak lantzea. Izan, pertsonalitatearen ezaugarri ezberdinak, familia historia eta dinamikak, traumak, sozialki harremantzeko joerak edo zailtasunak eta abar.
Aurrez aipatu dudan bezala, egin beharreko lana oso konplexua da eta pazientzia eta arreta asko eskatzen du. Gaixotasuna pairatzen duen pertsonarekiko eta bere prozesuaren erritmoarekiko errespetua zaintzea behar beharrezkoa da.
Egun, elikaduraren nahasteekin lan egiten dugun profesionalok formakuntza asko eta erlo ezberdinetakoa jaso ohi dugu eta profesional ezberdinon elkarlana zorionez gero eta ohikoagoa da. Puntu honetan sortzen zaizkit niri zalantzak, benetan ongi formatuak gaude ? Benetan kontziente gara patologiaren eta batez ere gure bezeroen zaurgarritasunaz ?
Aurreko astean gabinetean krisi egoera bat landu beharra izan genuen. Bezero batek ohiko bisitaldia izan zuen bere endokrinoarekin. Anorexia prozesu luze eta gogor batetik irteten doa neskatoa, eta fisikoki oreka puntu batera iristea lortu du. Pixaketa egin ostean zer okurritu nutrizionistari eta honakoa esatea ; “ Pisu egokira iritsi zara, eta ez zaigu komeni hemendik gora igotzea”. Ulertuko duzuen bezela, neskatoaren alarma gorri guztiak piztu ziren bat-batean ! Milaka ideia eta beldur buruan bueltaka. Negarrez irten zen kontsultatik.
Miñ sentitu nuen negar horien arrazoia ezagutzean, sentsibilitate falta hura ikustean. Halako ideiak kalean entzutea ohikoa da, telebistak, sare sozialetan eta halakoetan agerturiko informazioa filtratzea ezinezkoa da, eta profesional bezala, gure lana da bezeroei hauekin bizitzen eta hauek gestionatzen irakastea. Bian benetan ulertu ezin dudana, esaldi hauek profesionalengandik etortzea da.
Profesional bezala, hausnarketa sakon baten beharrean gaudela deritzot, ez baita lehen aldia halakoak landu beharrean ikusi naizela neure bezeroekin. Aurrean ditugun PERTSONAK, SUFRITZEN DAUDE, BORROKA GOGORRETAN BARNERATUTA DAUDE, EDO NEKEZ JOSIRIK BERAIETATIK IRTETEAR DAUDE. Zaindu ditzagun gure hitzak.