Euskal Herrian, festa hura honela bizi izaten zen, kalabazak edo arbiak hustu, aurpegi itxura eman, kandela txiki bat sartu eta bide bazterretan argiztatuta jartzen ziren; bizilagunak beldurtu eta hildakoen arimei bidea erakusteko jarriak. Zorionez azken urteotan bertako festa indartzeko ahalegin ugari egiten hari dira herri ezberdinetan eta guretzat zuen zentzuaren jabe izateko. Beti diotsuet gure bizitza naturarekin uztartua dagoela eta naturagandiko hurruntzeak zentzua galtzea dakarrela. Mugi gaitezen bada naturako erritmoekin bat, onartuz piztuerak eta heriotzak.

Baina ospakizun edo ohiturak, intxorraren azala soilik dira. Heriotza eta animen inguruko solasaldiak egun, tanatorio edo eta hileta egunetarako bakarrik utzi dira. Heriotzaren inguruko erritual eta bestelakoak ezabatu nahian ari da gizartea, minik onartu ezin duen gizarte batean bihurtzen ari garelako. Heriotza biziarekin bat doan gertakizuna da, naturala eta kosta hala kosta ezkutatu nahian gabiltza ( hildakoak ez ikustea, txikienei ezer ez esatea, ospakizunik ez egitea, ez hitz egitea....).
Heriotzaren inguruko erritualak kultura guztitan existitu izan dira, eta zenbaitetan egun indar handia dute zorionez. Erritual hauek dolu prozesuaren bidea zeharkatzen laguntzen digute, hildakoa agurtzea, komunitatean mina bizitzea eta askatzea eta abar. Erritualak alde batera uztean, dolu prozesuko hainbat lan ezin eginda gelditzen gara eta askotan doluak patologitzeko aukera asko sortzen dira. Ez diot inolaz ere kristau sinesmenak ezarritako erritualak mantendu behar direnik, mila modu daude gure hildakoak agurtzeko eta norberak berea errespetatu behar duelakoan nago. Baina agurtzea, beharrezkoa degu aurrera jarraitzeko eta hildakoa agurtzea baino gure bizitzan leku berri bat emateko.
Idatzi honen bidez, hausnarketarako proposamena luzatzen dizuet, zuek edo zuen inguruan heriotza edo animen gaia nola lantzen den. Naturala ala tabua ? txikienak aukera dute heriotzaren inguruan heziketa bat izateko ala gai honetatik aldentzen ditugu ?