Skip to main content

Bienvenidos a nuestro blog

En este espacio encontraras artículos sobre nuestras áreas de intervención y sobre otros muchos temas.

DEFINITZEN NAUEN HORI

 

Gaurko saioan kontsultara etorri den A.k aurrez idatzitako hausnarketa ekarri du. Ondorengo testua berak idatzia da, bere barne-bizipenen, sormenarekin duen harremanaren eta une honetan bizi duen prozesu pertsonalaren inguruko gogoeta gisa.

Agian, urte berriari hasiera eman diogulako eta horrekin batera ohitura berriak garatzeko, edo hobeto esanda, ohitura zaharrak berreskuratzeko garai ideala delako hasi naiz idazten. Agian, modako sare sozial berrian “Ez zaude triste, sortzeari utzi diozu” irakurri dudalako hasi zaizkit hatzak tekleatzen. Agian, amarekin liskarra izan dudalako ari naiz, logelako atea itxita eta begiak dirdiraka ditudala, hitzen ilara hau osatzen. Agian, psikologoak orain dela hiru saio A. nerabe bati gutun bat idaztea proposatu zidalako eta egunero momentu hori atzeratzeaz lotsatu naizelako ireki dut dokumentua. Kasuistikak alde batera utzita, hemen ari naiz, bederen.

Egia esan, ez dakit zein momentutan utzi nuen atzean definitzen zidan Hori (letra larriz). Hori zer den zehaztea lan makala ez den arren, afera abstraktu eta ukigarriez eratutakoa da: idaztea, kantatzea, entzutea, sentitzea, amestea, lehenengo aldiz zerbait egitea, melodia bat ateratzea, ikastea, ikustea. Sortzea da azken finean Hori. Halere, ez nuke esango atzean laga nuenik Hori, “alboan” kokaleku zuzenagoa izango litzateke, ziurrenik.

Zuri nire metafora horietako baten bidez irudikatu beharko banizu alboan utzitako Hori, honela azalduko nizuke. Bada ba, logelako aulkian egiten den arropa piloa? Egunero aulkitik ohera eta ohetik aulkira mugitzen den hori (letra txikiz). Ezagutzen duzu, ezta? Hasierara joko dugu, ordea. Kamiseta maite bat, aulki hutsean. Egunak igaro ahala, ordea, aulkian utzitako kamiseta maitearen gainean, arropa piloa sortzen doa. Lehendabizi, kamiseta maitea lanerako arroparekin partekatzen hasi da aulkia. Ostiralean, berriz, igerilekutik bueltan toalla bustia bota duzu bertara. Hurrengoan, maitale ezkutu batek ahantzitako eta erantzitako bakeroentzako leku aproposa bihurtu da jarlekua. Beste batean, amonaren armairutik oinordetutako narruzko berokiak epeldu du piloa. Hala, urte zahar eguneko tanga gorri batek, txikiegi gelditzen zaizun, baina itzultzeko epea igaro zaizun jertseak, aitari harrapatutako galtzerdiek eta lagun bati farran irtetzeko eskatu zenion topak gain hartu diote kamiseta maiteari. Konturatzerako, piloak zure logelako sabaia ikutzen du, bai eta zure burmuineko milimetro karratu bakoitza bereganatzen ere. Azpi-azpian utzitako kamiseta maite hori jada hor zegoela ere ahaztu egin zaizu eta beste horrelako baten beharrean ikusi duzu zeure burua; Zarako app-era sartu zara bixkor. Eta hura heldu da, baina hura ez da Hori, ez zaitu Horik adina bete, eta haren atzetik beste bat eskatu duzu, eta beste bat, eta beste bat, eta beste bat… hutsunea bete nahian. Konturatu gabe, bete beharrean, hustu egin behar duzula aulkia eta hustu egin behar zarela zu.

Egunen batean, urte berriari hasiera eman diogulako, edo modako sare sozial berrian zerbait irakurri duzulako, edo amarekin liskarra izan duzulako edo psikologoaren hitzak jarraitu dituzulako, prokrastinatzeari utzi eta aulkia txukuntzeari ekin diozu arte. Eta hara! Hantxe zegoen orain dela hamar urte ahaztu zenuen eta hainbeste maite zenuen kamiseta. Hori da sortzea niretzat, azpi-azpian gordeta, izugarrizko pilo batez estalitako Hori. Sortzea da Hori; edo, ni neu naiz Hori. Azkenean zer gara bada, definitzen ez gaituen hori ez bagara.

Ez nago oso ziur A. nerabeari idatzi ber nion gutuna den hau edo oraindik momentu hori atzeratzeaz lotsatzen jarraitu behar al dudan, baina hemen ari naiz, bederen, dardarka; hamarkada oso batean sentitu ez dudan berariazko hotzikara horrekin; idazterakoan, edo hobeto esanda, sortzerakoan sentitzen den hotzikara eta zirrara horrekin. Sortzearen zirrara horrek mundua jan dezakezula sinistarazten dizulako. Sortzeagatik sortuko ginen eta gu azkenean, ezta?

Hori topatu dut berriz gaur. Eta espero dut berriz ez uztea aulkiko arropa piloaren azpian. Apalean utziko dut, badaezpada, egunero ikusten badut, ez dudalako ahaztuko zer den Hori, zer naizen ni.