GELDITZEKO EZINA
Gaurkoan bezero baten hausnarketa batekin natorkizue, egunerokotasunaren erritmo azkarra, gelditzeko ezina.......ederra benetan !!
Hausnarketa bat gehiago. 2024ko otsaila.
Aspaldi da ez dudala sortu. Sortu edo askatu, ez dakit. Nire barruko zirrarara askatzeari “sorkuntza” deitzea gehiegizkoa dela uste dut. Baina zer da ba orain arte esan gabeko zerbait lehen aldiz papereratzea? Idaztea, besterik gabe. Norberak edo irakurleak, hauek dauden kasuan, emango dio “zerbaiti”, “sorkuntza” kategoria. Kategoria gorena, nire aburuz. Sorkuntzak duen indarra ikaragarria da, zentzu guztietan. Mingarria bezain maitagarria izan daiteke: bizitzaren sorrera, harreman batena, sentimendu batena, emozio batena, artelan batena, gailu batena, txerto batena, gaixotasun batena..., mingarri zein maitagarria izan daiteke, zalantzarik gabe. Sorrera horren kide/partaide/eragile edo helburu den horrek emango dio sorkuntzari mingarri edo maitagarria den sententzia. Sorkuntza ororen alderdi subjektiboa. Horrenbestez, nire ausardia ez da hizki hauek zer diren zehazteko gai, eta, are gutxiago, mingarri edo maitagarriak izan daitezkeen. Alabaina, ez dakit zergatik hasi naizen esanez: “aspaldi da ez dudala sortu”. Halaxe jaio zait, eta orain ez dut borratuko; izan ere, idatzitako lerro hauek pentsatu gabe lerrokatu dira bata bestearen atzean eta gustatu egin zait.
Hori da, hain zuzen ere, testu hau idazten hasi aurretik buruan nuen ideia. Gaztetxoagoa nintzela, ohitura handia nuen idazteko: niretzako ziren testuak, ez beste inorentzat. Sakonak ziren, nire ustez. Politak batzuk, beste asko zatarrak. Baina nireak ziren. Barruak eskatu hala, kanpora ateratzen utzitakoak. Ez dakit hori baino koherentzia handiagoa duen ekintzarik ba ote dagoen: pentsatu, sentitu eta egin. Nire Yogako irakasleari lapurtutako esaldia da hori. Baina arrazoi osoa du. Urteen poderioz barruan dugun indarretik deskonektatzen gara: poliki, baina gero eta gehiago. Beste norbaitek edo guk geuk geure buruari inposatutako arau guztiak betetzearen kartzelan giltzapetzen gara, gero eta normatiboagoak bihurtzen gara, giharrak gogortzen zaizkigu, malgutasuna galtzen dugu, “nahikoa” ez izatearen beldurrak gain hartzen gaitu eta, ondorioz, beste norbaitek edo guk geuk geure buruari inposatutako arau guztiak betetzearekin itsutzen gara oraindik eta gehiago. Ez gara gai oihuak entzuteko. Garrasiak. Entzuten? Pentsatu sentitu eta egin. Gaixotu egiten gara, antsietateak harrapatzen gaitu, despresioak, estresak... gaixotasunengatiko bajak ere inposatuak sentitzen ditugu: “zertan nabil ni etxean, ez banago hain gaizki? Ez dut merezi, eta horrenbeste gauza daude egiteko...”, berriro gaixotzen gaituen bizimodura itzuli nahi dugu itsu-itsuan. Ez gara gai oihuak entzuteko. Garrasiak. Entzuten? Pentsatu sentitu eta egin. Martxa automatikoa sartuta bizitzen dakigu, eta bizimodu hori gustatzen zaigula pentsatzen dugu. Gaixotasunek hitz egiten digute, gorputzak hitz egiten digu, gertatzen zaizkigun egoerek hitz egiten digute, baina ez digute hizkuntza hori ulertzen irakatsi. Ez dakigu gure seinale propioak interpretatzen, baina besteenak ulertzen saiatzen gara: geure burua ezin badugu kontrolatu, behintzat, besteak kontrolatu ahal izateko. Azken finean, defentsarako modu bat da. Biziraupenerako. Hor dago akatsa, errorea: bizirauten gabiltzala aurrera eta atzera, benetan bizitzen baino.
Ni neu ere, gaixotu egin behar izan naiz birkonexio hau egiteko. Ziur nago, ordea, pare bat egunean martxa automatikoarekin izango naizela berriro. Konektatzeari beldurra, hausnarketari, norbere itzalei begiratzeari, kalean eraikitako “maskara” gabe norbere burua erakusteari. Hori bai, beste norbait loretzen denean, txalotu eta miretsi egiten dugu. Gu geu, ordea, ez. Hainbeste monstruo imaginatzen ditugu maskara bakoitzaren atzean... Geureak diren maskarak, mamuak bezalaxe. Ez gara gai oihuak entzuteko. Garrasiak. Entzuten? Pentsatu sentitu eta egin. Mugikorra etxean utzi eta oinez ibiltzera joan nintzen herenegun, eta ohartu nintzen faltan botatzen nintzela. Nola liteke faltan botatzea nigan bizi banaiz? Hori da biziraupenaren adierazlea, gure maskaren bitartez bizi garela eta ez gure berezko indarretik. Ez gara gai oihuak entzuteko. Garrasiak. Entzuten? Pentsatu sentitu eta egin. Ez zen lehen aldia izan, baina intentsitate bereziarekin berriro nire barne oihuak entzun nituen. Garrasiak. Hor zeuden, eguna joan eta eguna etorri maitasun falta aldarrikatzen, neure barne indarrari zor diodan maitasuna, zaintza, leialtasuna eskatzen. Esan bezala, ez da lehen aldia oihuak entzuten ditudala, bizitzak parez pare jartzen dizkigu egoera desberdinak, nahitaez kasu egin diezaiogun. Halaber, eta hau ere aipatu dut, berriro ere modu automatikora pasatzen garela, gure biziraupenerako hauxe ikasi baitugu. Alabaina, modu automatikoan gauden kontzientzia hartzea birkonexiorako lehen urratsa izan daiteke, ala ez. Geuk erabakiko dugu, azken finean, zein alderditan bizi nahi dugun, eta guztiak dira zilegi.
Atsegin dut barrutik jaio hala idaztea, idatzitako hau bezalaxe. Lehen paragrafoa bezalaxe. Barruak askatzeko duena tekleatuz, edo marraztuz. Emaitza ez dakigu sorkuntza kategoriakoa izango den, baina bai geure barrutik sortutakoa. Geure-geurea. Zenbat gauza dituzu zeureak? Zeure barrutik sortuak? Entzun arren, oihuak, garrasiak, asko dute esateko. Zure zain daude, faltan botatzen zaituzte. Pentsatu sentitu eta egin. Ze polita.