BAKARDADEA
Pandemia garai hauetan, Covid, PCR, antigeno, konfinamendu eta antzeko hitzak etxeko sukalderaino sartu zaizkigu eta egunero ditugu guztion ahotan, baina bada beste hitz bat gehiegi ahoskatu gabe oso present dagoena; bakardadea.
Hiztegira jotzen badugu, bakarrik hitzaren esanahia lagunik gabe, kiderik gabe da. Pandemia eta honen inguruko neurriak direla eta lagunik gabe, senitartekorik gabe izan gara denbora luzez.
Comillaseko Unibertsitate Pontifikoan eginiko ikerketa baten arabera, Espainiar estatuan bakardade sentimendua bikoiztu egin da pandemian zehar. Portzentaiei dagokienez, 60 urtetik gorakoen %14,7a da bakarrik sentitzen dena, 30 eta 60 urte bitartekoen %18a bakarrik sentitu da martxoaz geroztik, eta %31 arte igotzen da portzentaia 30 urtetik beherakoen kasuan. Badirudi sare sozial eta hiperkonektibitateak ezin izan dituela konpentsatu aurrez aurreko afektu eta gertutasuna, isilean mintzen gaituen bakardadeari indarra emanik.
Pandemia hasi aurretik gure egunerokotasuna kanporantz begira igarotzen genuen, lana, ikasketak, lagunak, senitartekoak…..baina guzti hau murriztu denean gure buruarekin egotea besterik ez zaigu gelditu, eta a ze disgustoa! Inoiz ez dugu geure burua konpainia gisa ikusi, maitasun iturri gisa landu…eta gure buruarekin bakarrik gelditu garenean hutsune galanta sumatu dugu. Bakardadea beti, kanpo harremanen faltari egotzi izan diogu, baina bakardaderik krudelena, gure buruarekin duguna dela deritzot.
Geure burua zaindu eta lantzearen ideia berekoitzat jo izan dugu beti, besteen behar eta zaintzak lehen postuan ezarriz. Hau honela izanik, geure buruarekin bakarrik aurkitu garenean, tristura, antsietatea eta halakoak azaleratu zaizkigu. Beti jakin izan dugu nortzuk gabe bizitza ezinezko egingo zitzaigun, baina oraintxe ohartu gara geure burua gabe bizitzea ezinezkoa zaigula.
Pandemia honek, traba, samin eta bestelako egoera edo eta sentimendu negatiboez haratago, esperientzia oro bezala, aukerak eskaintzen dizkigu. Kasu honetan behartutako bakardade honen aurrean, geure burua kontutan izatearen beharraz jabetzeko aukera eskaintzen digu. Bizitzako bidaia honetan ziurra dugun bidelagun bakarra geure burua da, ezagutu, entzun, sentitu eta zaindu dezagun beraz !