TESTIGANTZA: Nola askatu korapiloa ?

Gaurkoan testigantza berri batekin natorkizue, gehiegizko pentsamendu eta antsietateari aurre egin dion bezero batena.

Hain gaizki sentitzen zarenean nondik hasi korapiloa askatzen?

Nik gaizki nengoela bakarrik nekien. Egun batzuk onak eta lasaiak ziren baina gaizki sentitzen nintzenean oso gaizki nengoen. Arnasa falta zitzaidan, bihotza oso azkar zihoan, izerdi hotza sumatzen nuen eskuetan, oso nekatuta nengoen, zorabiatzen hasten nintzen...

Hasieran gutxitan gertatzen zitzaidan baina momentu horiek oso latzak egiten zitzaizkidan eta beldurra hartzen hasi nintzen momentu horiei.

Beldurra areagotzen zihoan eta gero eta gehiagotan sentitzen nintzen gaizki.

Etxetik irten behar nuen bakoitzean neure buruari galdera berdina egiten nion: " Eta berriro gertatzen bazait zer? Eta zorabiatzen banaiz denen aurrean zer?...

Ohartu nintzen pilota handitzen zihoala eta egunerokotasunean edozer jarduerak urduri jartzen ninduela (lanera joateak, lagunekin kalean egoteak, zinera joateak...). Etxean bakarrik nengoen lasai. Etxean egonda ez nuen arriskurik ikusten, salbu nengoen.

Arazo bat nuen. Ezin nuen horrela jarraitu. Irtenbide bat bilatzen hasi beharra neukan.

Lagun batek psikologoarenera joateko aholkatu zidan baina bera psikologoa denez ez nion kasu handiegirik egin denei berdina esango zielakoan.

Botikak hartzen ere ez nuen hasi nahi. Oso galduta nengoen.

Ondo gogoratzen dut terapian hasteko erabakia hartu nuenekoa.

Herrian festak ziren eta lanera joan beharrik ez neukan. Oso pozik nengoen aspaldiko partez lagunekin egongo nintzelako eta parrandatxo polita egingo genuelako.

Eguna iritsi eta oso urduri esnatu nintzen. Ez neukan arrazoirik hain urduri eta gaizki egoteko. Oso gaizki sentitzen nintzen eta ez nuen ezer ulertzen.

Koadrilako batek hain gaizki ikusita bera psikologoarenean izana zela esan zidan eta benetan gomendatzen zidala bertara hurbiltzea eta gertatzen zitzaidana profesional bati kontatzea. Asko lagunduko zidala esan zidan. Bere esperientziatik ari zitzaidan hizketan eta horrek behar nuen indarra eman zidan.

Iritsi zen terapian hasteko eguna. Oso urduri nengoen eta amari eskatu zion kontsultara laguntzeko. Ateraino lagundu zidan.

Oso gogoan dut bertatik irtendakoan sentitu nuen bakea. Egoerari aurre egiten hasi nintzela jakiteak eta lortu zitekeela sentitzeak indar handia eman zidaten. Neure buruarekin oso harro nengoen.

Gustura joaten nintzen kontsultara bertatik oso indarberrituta iristen nintzelako etxera. Bertan ariketa desberdinen bidez arazoa nondik etor zitekeen ikusten hasi ginen. Asteak aurrera joan ahala hobeto sentitzen nintzen. Gustura. Umoretsu. Indartsu.

Hobekuntza ez nuen egun batetik bestera antzeman. Egunetako lanaren ondorio izan zen. Argi esan zidan psikologoak ondo egoteko lana neuk egin behar nuela, egunero, eta berak baliabideak emango zizkidala horretarako. Nire bidelaguna izango zela. Eta halaxe izan da.

Egun guztiak ez ziren onak izan baina jadanik ez nintzen lehen bezalako gaizki sentitzen.

Urduritasuna eta antsietatea kontrolpean dauzkadala esan dezaket edo behintzat kontrolatzeko baliabideak eskura dauzkat orain. Badakit zer egin behar dudan hobeto egoteko eta horrek lasaitasun handia ematen dit.

Dudarik gabe orain arte hartu dudan erabakirik zailena eta garrantzitsuena izan da . Psikologoarena joatea tabú bat zen niretzat eta bertara joateko beharra nuela onartzea asko kosta zitzaidan. Orain aldiz, ez daukat inongo lotsarik laguntza behar nuela esateko. Edozeini gomendatuko diodan esperientzia izan da.

Maria Zunzunegi
Gabinete Psikologikoa

Kokapena

Damaso Azkue 4, behea
20730 AZPEITIA
Gipuzkoa

Kontaktua

Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.
T. 943142375

Maria - 688 677 358
Amets - 602 497 927


Lege Informazioa | Sitemapa | © 2017 Maria Zunzunegi | Gabinete psikologikoa